Bereziak
Emakumearen aldeko gipuzkoako kirol agiria
OINARRIAK:
- Heziketa Fisikoaren eta Kirolaren Nazioarteko Agiriak (UNESCO /1978) 1. artikuluan dio heziketa fisikoa eta kirola egitea herritar guztien oinarrizko eskubidea dela eta eskubide hori gauzatzea:
- ezinbestekoa dela pertsonen nortasuna garatzeko;
- kirola egiten dutenei hezkuntza sisteman eta gizarte bizitzan gaitasun fisikoa eta kirol gaitasuna garatzeko bitartekoak ematen dizkiela;
- herrietako kirol tradizioetara moldatzeko aukera ematen duela, pertsonen sasoia hobetzen duela eta gainera pertsona bakoitzari bere trebetasunen arabera garatzen lagun diezaiokeela.
- pertsona guztiei kirola egiteko aukera eskaini behar zaiela, gazteei, haur hezkuntzako umetxoei, adinekoei, adimen urrikoei... bakoitzari baldintza jakin batzuetan eta beren premien arabera moldatuta, pertsona guztiek bere nortasuna orokorrean garatzeko aukera izan dezaten.
- Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak (Nazio Batuen Erakundea/1948) honako hau dio lehenengo atalean: "Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela..." Bigarrenean, ondorengo hau: "Gizaki orori dagozkio aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik".
- Euskadiko kirolaren 14/1988 Legeak, ekainaren 11koak, printzipio gidariak xedatzen ditu I. tituluko 2. artikuluan eta, besteak beste, ñ) atalean dio, printzipio horietako bat emakumea maila guztietako kirol-praktikan sartzea erraztuko duten egokierak sustatzea dela.
- Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agiriak (2000/12/18) 21(1) artikuluan dio debekatuta daudela era guztietako bereizkeriak.
- Kirola pertsonen bizi kalitatea hobetzeko modurik eraginkorrenetakoa da, erabat onartua eta zabaldua dago ideia hori betidanik.
- Erabat onartua dago, horrez gain, XXI. mendea kirolaren mendea izango dela eta mende honetan gero eta garrantzi handiagoa izango duela emakumeak gizartean eta, ondorioz, baita kirolean ere.
- Jakina da, gaur egun emakumea oraindik ez dagoela gizonarekiko berdintasun egoeran gizartean oro har zein kirolean, nahiz eta ari garen poliki-poliki geure erantzukizun eta eskubideez jabetzen eta eskubide eta erantzukizun horiek lortu eta erabiltzeko lan egin behar dugula konturatzen.
ADIERAZPENA:
- Emakumeoi Gipuzkoako kirol sisteman dagokigun tokia eskatzen dugu, gizarte aurreratu batean behar duen bezala, ikusten baitugu emakume eta gizonek oraindik ez ditugula aukera berdinak kirolean, bereziki, lehiaketako kiroletan.
- Familian bertan jarri behar dira gizon eta emakumeok aukera berdinak izan ditzagun lortzeko zutabeak eta gurasoek zeresan handia dute horretan, beren esku baitago bitartekoak jartzea alabei semeei ematen zaizkien aukera berdinak emateko kirola egiteko orduan.
- Kirol federazio eta klubek beren antolaketan eta egitura teknikoetan emakumeak gizonen baldintza berdinekin aritu daitezen sustatu behar dute.
- Kirol ikuskizunetako antolatzaileek jo eta ke lan egin behar dute gizon eta emakumeen artean bereizketarik egin ez dadin. Halaber, herri administrazioei eskatzen diegu ez emateko diru laguntzarik bereizketak egiten dituzten ikuskizunei edo gizon eta emakumeen parte hartzea modu batera edo bestera mugatzen dutenei.
- Emakumezkoen ekipoek eta emakumezko kirolariek gizartean kohesio funtzioa betetzen dugu, gizonezkoek betetzen duten bezala eta, beraz, hedabideei eskatzen diegu aintzat har dezatela funtzio hori eta emakumezkoen kirolei buruzko informazioa ematen dutenean behar bezala jorratu dezatela.
- Emakumezkoen ekipoak eta emakumezko kirolariak publizitate euskarri izan gaitezke, gizonezkoen ekipoak eta gizonezko kirolariak adina gutxienez, beraz, enpresei proposatzen diegu inbertitu dezatela emakumezkoen kirola babestuz eta gaur egun baino gehiago sar daitezela esparru horretan.
- Herri administrazioek bermatu behar dute beste inork baino lehen gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna, edozein kirol mota dela ere. Hori dela eta eskatzen diegu gogor eta gogoz lan egin dezatela berdintasun hori benetakoa izan dadin bitartekoak jartzeko, bereziki, lehiaketako kirolari dagokionean.
- Azkenik, guk geuk, emakumeok eta partaide garen erakundeok, hartu behar ditugu geure gain aukera horiek eta lehiaketa alorrean dagozkigun postuak bete, bai erakundeen zuzendaritzan eta bai teknika lanetan.
Donostia, 2001eko azaroaren 22a
- Eibarko Ipurua Gimnasia Kluba
- Erreal Fútbol Kluba K.E.A.
- Bidasoa-Txingudi Partzuergoko Txingudi S.B.T.
- Tolosako Hegoalde Fútbol Taldea
- Atlético Bera Bera
- Atlético de San Sebastián
Atxikimendua bete