Zioen azalpena.
Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kirol arloan, Autonomia
Estatuko 10.36 artikuluan jasotzen denez. Bestalde, Lurralde Historikoen
27/1983 Legeak foru organoei ematen die erkidego osorako erakundeek emandako
arauak garatu eta gauzatzea ondoko arlo honetan: “Kirolaren sustapena.
Eskola kiroleko eta kirola guztiontzako programak ” arloan.
Ekainaren 11n eman zen Euskadiko kirolaren 14/1998 Legeak honela definitzen
du eskola kirola: “ikasleek nahitaezko eskolatze aldian irakasteko
orduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera antolatua” eta ondokoa
seinalatzen du, era berean: “eskola kirolean, ahal dela, kirol anitz
praktikatuko da eta lehiaketa kirola ez da izango helburu bakarra. Horrela,
ikasle guztiek hainbat kirol mota ezagutu eta horietan aritzea lortu nahi
da, zeinek bere borondate, gaitasun fisiko eta adinaren arabera ”.
Gainera, otsailaren 18ko 3/2005 Legeak, haurrak eta nerabeak zaintzeko
eta babestekoak, astialdi aktiborako duten eskubideari dagokionez, ondokoa
ezartzen du: “haurrek eta nerabeek eskubidea dute kirolak eta jarduera
fisikoak egiteko, eta saihestu egin behar da jarduera horietan lehiakortasuna
lehenbiziko baliotzat sustatzea. Lehiaketa kiroletan parte hartzea borondatezkoa
izan beharko da, beti, eta entrenamendu plan eta metodoek errespetatu egin
beharko dituzte haien egoera fisikoa eta hezkuntza beharrizanak ”.
Bide horretan bertan, esan dezakegu adierazpen, akordio eta proiektu ugarik
erakusten dutela eskoletako umeen jarduera fisikoaren eta kirolaren garrantzia.
Horien artean, ondokoak aipa ditzakegu:
- Nizako Tratatuak (2000. urtea) ezartzen du kirolari gazteak babestu
egin behar direla, batez ere beren heziketari eta lanbide prestakuntzari
begiratuz. Europar Legebiltzarrak 2004. urtea Kirolaren bidezko
Heziketaren Europar Urte deklaratu zuen.
- NBEko Batzar Nagusiak (2003. urtea) “heziketa, osasuna,
garapena eta bakea sustatzeko bitartekotzat hartzen du kirola”. Ebazpen
hori betetzeko NBEko idazkari nagusiak (2004. urtea) Heziketa
Fisikoaren eta Kirolaren Nazioarteko Urtea aurkeztu zuen.
- Osasunaren Munduko Batzarrak (2004. urtea) Elikadurari, Jarduera
Fisikoari eta Osasunari buruzko Mundu Estrategia onartu zuen,
beste batzuen artean, ondoko helburu hau zuela: “gaizki elikatzeak
eta jarduera fisikorik ez egiteak dakartzan erikortasun eta hilkortasuna
murriztea”.
Adierazpen horren ondorioz, Estatuko Gobernuaren Osasun eta
Kontsumo Ministerioak, autonomia erkidego guztien lankidetzarekin, NAOS
estrategia landu du eta
hor bultzatu nahi da “jarduera fisikoa eta kirola sarri egitea ikastetxean,
eskoletako kiroldegiak erabiltzeko ordutegia zabalduz asteburuetako
kirol jarduera programak egiteko, umeak ikastetxera oinez edo bizikletan
joan
daitezela sustatuz, kirolari buruzko lantegietan parte hartzeko
kirolariekin harremanetan jarriz, etab.”
- 2003-2007 aldiko Kirolaren Euskal Planaren helburu estrategikoa
ondokoa da: “Euskadirako bertarako kirol eredua garatzea, euskal
herritarren bizitza aberastu eta bere kirol ibilbiderako “aukera” emango
duena” eta planak bere lehenbiziko lerro estrategikotzat ESKOLA KIROLA
hartzen du, eta helburua ondokoa da: “haur kirolarien hezkuntza garapena
osatzeko eta kirolari bakoitzaren beharrak asetzeko Eskola
Kiroleko Eredua zehaztea”.
- Azkenik, 2004ko abenduaren 11 eta 12an, Araba, Bizkaia eta
Gipuzkoako ikastetxeetako 13 eta 14 urteko ehun bat ume Donostian
elkartu ziren eskola kirolari buruz eztabaidatzeko. Bilera horren emaitza
Eskola
Kirolaren manifestua izan da, eskola kirolean partehartzaile
nagusi direnen nahiak eta asmoak bilduz.
Horren ondorioz eta zioen azalpeneko edukien arabera eta,
KONTUAN HARTUZ,
- Eskola Kirola Kirolaren Euskal Sistemaren oinarri dela eta, horren
ondorioz Gipuzkoako kirol sistemarena, unibertsaltasun
printzipioa onetsiz eredu propioan oinarrituta, eskoletako
ikasle guztiak bertan biltzeko.
- Ereduak helburu nagusitzat kirol kultur iraunkorra ezartzea
duela eskoletako umeen artean, kirol modalitate ezberdinak
ezagutuz eta lehiaketa bidez edo jolasaren bidez praktikatuz,
bakoitzak duen borondate,
gaitasun fisiko eta osasuna kontuan hartuz, eta eskoletako
ikasle ezinduen integrazioari jaramon handia eginez.
- Erakundeek ume eta gazteen osotasuna zaintzeko betebeharra dutela,
pertsonarengan zentratutako eta gizatiarragoak egiteko
potentzialtasun guztiak garatuko dituen kirola eskainiz.
- Ume eta gazteen heziketa integralaren alde egin behar duela
eskola kirolak, hezkuntza prozesu orokorra osatzeko
berebiziko jarduera delako, batez ere bizi ohitura
osasungarriak sortzeari dagokionez.
- Eredua integrala eta integratzailea dela.Integrala, kirolak
eta jarduera fisikoak egiteko eskaintza posibilitate guztiak hartzen
dituelako, eta, integratzailea, eskolako adinekoekin zerikusi duten
gizarte agente guztien lankidetzaren bidez egituratzen delako: herri
administrazio, ikastetxe eta kirol federazio eta kluben bidez.
Eskola Kirolaren manifestuari atxikitzea, hiru lurraldeetako ikastetxeetako
umeek, Donostian 2004ko abenduaren 11 eta 12an egindako Euskadiko Eskola
Kirolari buruzko I. Kongresuan egin eta onartu zuten manifestuari.
Adierazpenaren edukia