AGINDUA, 2008ko urtarrilaren 28koa, Kultura sailburuarena, euskal
kirol federazioen eta lurralde federazioen
hauteskunde-erregelamenduak prestatzeko eta hauteskundeak
egiteko irizpideak finkatzen dituena.
Agindua
ikusi
IDAZKI EREDUAK ERABILI BAINO LEHEN GOGOAN IZAN BEHARREKOA
Txosten honetan ageri diren idazkiak eredu soilak dira, Gipuzkoako
federazioei, lantresna edo gida gisa erabili ditzaten eskaintzen
dizkiegunak, antolaketa mailan duten autonomia errespetatuz beti
ere, hauteskundeak garbi eta indarrean dagoen araudiari jarraiki
egin ahal
izateko lagungarri izan ditzaten. Hori dela eta, ez da pentsatu
behar eredu horiek federazioen ahalmena murrizteko egin direnik,
federazio bakoitzak bere hauteskunde araudia eta egoki ikusten dituen
antolaketa
neurriak ezartzeko askatasun guztia izango baitu.
Esan bezala, eskuartean dituzuen idazki hauek ez dira derrigorrez
erabili beharrekoak, izan ere, ezinezkoa baita federazio guzti guztientzako
baliagarri izango den eredu bakarra moldatzea, batetik bestera alde handia
baitago: federazio guztiek ez dute zuzendaritza batzorderik eta batzar
orokorretan duten estamentu kopurua ere ez da bera federazio guztietan.
Txosten honetan ez dira ageri hauteskundeetan gerta daitezkeen
gorabehera guztietarako inprimaki ereduak eta bertan ageri diren
beste zenbait gehiago osatu daitezke, baina berriz ere badiogu, gure
asmoa eredu batzuk eskaintzea baino ez da izan.
Gipuzkoako federaziorik gehienek ondo ezagutzen dute indarrean
dagoen araudia, baina egiten diren kontsultak eta orain arte egindako
hauteskundeetan oharteman diren akatsak ikusirik, argi eta garbi
gera dadin nahi dugu batzar orokorrari dagokiola hauteskunde erregelamendua
onartzea eta ez zuzendaritza batzordeari; 2008ko otsailaren 28ko
Aginduaren
indarraldi hasieratik (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria:
zenbakia,30; data, 2008ko otsailaren 12) bi hileko gehienezko epean Gipuzkoako
Foru
Aldundiko Kiroletako Zuzendaritza Nagusiari aurkeztu beharko zaio,
hark onar dezan.
Horrez gain, Gipuzkoako federazioetako batzar orokorrak kirol horri
dagozkion Olinpiadak ospatzen diren urtean hautatu beharko direla
gogorarazi nahi dizuegu. Olinpiadetan parte hartzen ez duten kirolak
izanez gero,
Udako Joko Olinpikoak egiten diren urte berean egin beharko dituzte
batzar orokorretarako hauteskundeak, hau da, 2008n.
Txosten hau egiteko, federazioen inguruan lanean ari den makina
bat lagunen iradokizun eta ekarpenak jaso ditugu. Pertsona horiek
izan duten eskarmentua eta azken urteotan izandako arazoek erakutsi digute
zeintzuk izan daitezkeen hauteskunde prozesuetan gerta daitezkeen
gorabehera
guztiak eta horren arabera moldatu dugu txostena. Jakin badakigu
erregelamendu honen zirriborroan arautu gabe gelditu diren arloak egon
daitezkeela,
baina ez dugu bidezkotzat jo erregelamendua gehiago luzatzerik,
izan ere, federazio askorentzat, batez ere txikienentzat, nahikoa zaila
baita lehendik ere hauteskundeak indarrean dagoen araudiari jarraituz
egitea.