Gipuzkoako Foru Aldundia

GIPUZKOA KIROLAK >> Kirol Zerbitzua

Zerbitzuak

Karpak >> Irizpideak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak Gipuzkoako kirol entitateen esku jartzen du erabilera anitzeko karpen doako mailegu zerbitzua, kirol ekitaldiak antolatzeko. Karpen diseinuari esker garraiatzen errazak dira eta gainera ez dute behar inolako muntai berezirik ez eta erremintarik ere; beraz, abantailarik handiena da lau lagunek bost bat minututan erabiltzeko prest jar ditzaketela. Bost karpa dira eta honako neurri hauek dituzte:

  • 3x3 metroko 2 karpa
  • 4,5x3 metroko 2 karpa
  • 6x3 metroko karpa bat

Ikus daitekeenez, kasu guztietan 3 metroko neurri komuna dute, horrenbestez banaka nahiz elkarren segidan jar daitezke. Erabilera orokorreko karpa horiek hainbat gauzatarako erabil daitezke, alboetan gortinak jartzen badira behin-behineko aldagelak izan daitezke ohiko kirol eremuetan egiten ez diren lehiaketetan, hala nola, krosetan edo piraguismoko lehiaketetan; idazkaritza eremu ere izan daitezke jendeari harrera egiteko edo ez; parte hartzen duten kirolarien materiala gordetzeko ere erabil daitezke.

Alboetako gortinarik gabe eta sabaia bakarrik muntatuta, sariak banatzeko, kirol ekitaldiak sustatzeko, emaitzen orriak jartzeko, txirrindularitza probetako topagune izateko edo atseden eremu gisa ere erabiltzen dira.

Kirol ekitaldi eta Txapelketa askotan erabili dira, eta oso emaitza onak lortu dira. Esperientzia hori ona izan denez, Gipuzkoako kirol ekitaldien antolatzaileen esku jartzen da material hori.

Erabilera baldintzak: Karpak erabiltzeko eskaerak kirolak@gipuzkoa.net helbide elektronikoan edo 943 112497 telefonoan egingo dira, beti ere ekitaldi eguna baino hamar egun lehenago, gutxienez. Eskatzen den karpa kopurua eta horien neurriak adierazi beharko dira, baita arduradunaren izena eta harremanetarako telefonoa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu den materialaren erabilera egiaztatzen duenean, eskatzaileak Donostiako Kirol Etxetik pasa beharko du materiala jasotzera (furgoneta bat erabiltzea gomendatzen da, egituraren luzekako zatiak 1,55 metro baititu hiru kasuetan).

Karpak erabili ondoren Kirol Etxean bertan entregatu beharko dira, gehienez ere ekitaldia amaitu eta hiru eguneko epean. Eskatzailea izango da materialaren erabilera zuzenaren eta garbitasunaren arduraduna.



Inprimakia (Karpa eta pankarten legapen zerbitzua)

gipuzkoa.net