Gipuzkoako Foru Aldundia

Kirolgela: Futbol entrenamenduak

Alebinak >> Sarrera

Alebinetan 10-12 urteko neska-mutilak sartzen dira (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak). Benjamin aroan hasitako jardueran edo jardueretan gehiago sakontzeko garaia da, edo kasu batzuetan, kirol esperientzia berri bat probatzeko garaia ere bai. Azken horiek ez daukate zertan kezkaturik, ikasten segitzea baita helburua, teknikari dagokionez gehiegi sakondu gabe; hartara, interes apur bat duen edozein hasiberri erraz sartuko da taldearen lan dinamikan. Horrek ez du traba izan behar, ordea, haurren ezaugarrietara egokituko den progresio eta eboluzio bat gauzatzeko; adinarekin bat datozen proposamenak eta eduki teknikoak proposatzen saiatu behar dugu.

Nolanahi ere, gure helburua monitoreari laguntzea da oraindik, eta horretarako, gida erabilgarri bat jarriko diogu eskura. Jarraian proposatuko diogun ibilbidea egin beharko du monitoreak, eta adin honetako neska-mutilei egokitutako futbol irakaskuntzaren bideetan barrena ibiliko da gurekin batera. Hori bai, monitoreak beti izango du aukera tresna hau berak egokien irizten dion moduan eta hurrenkeran erabiltzeko. Hasieran, ordea, guk proposatutako ibilbidea jarraitzea gomendatzen diogu, edukietara ohitzen haste aldera.

  • Proposatutako ibilbidea:
  • Adinaren ezaugarrietara hurbiltze generiko bat egin (haurraren ezaugarriak).
  • Etapa bakoitzaren helburu nagusia testuinguru pedagogiko desberdinen edukiekin uztartuko duen ikuspegi orokorra lortu (ikuspegi orokorra).
  • Adin honetarako oinarrizko kontzeptuetan sakondu: Sarrera, Baloia eta ni, Erasoa, Defentsa eta Atezaina. Atal horietako bakoitzak hainbat oinarri jasoko ditu; sarrera batekin hasi, eta ondoren atal bakoitza lantzeko hainbat jarduera proposatuko dira.
  • Futboleko araudiaren alderdi nagusiak ikasi (araudia)
  • Talde bat antolatzerakoan gogoan izen behar diren antolaera alderdi taktikoei buruzko jarraibideak (antolaera alderdiak).
  • Geureganatutako jakintzarekin, alebin kategorian futbolaren didaktika zer den jasotzen duen koadroa lantzen hasteko moduan egongo gara (futbolaren didaktika).
  • Baina dena ez da futbola, eta gutxiago adin honetan; gure ustez, arreta berezia eman behar zaie kirolarekin lotuta dauden arau, jokabide eta balioei (balioak landu).
  • Emandako informazioarekin eta iradokizun metodologikoekin , monitorea lan ona egiteko moduan izango da alebin kategoriako neska-mutilen edozein talderekin.
gipuzkoa.net