Benjaminetan 8-10 urteko neska-mutilak sartzen dira (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak). Gaztetxoen kirol heziketan aro oso garrantzitsua da hau, askok eta askok lehen aldiz parte hartuko baitute kirol jarduera batean, bai behintzat gidatutako entrenamenduei eta lehia arautuei dagokienez.
Hori dela eta, lehenengoz zerbait egiten dugun aldi guztietan bezala, esperientzia hori erabakigarria izan daiteke gerora kirol jardunaz izango duten ikuskeran. Nolanahi ere, animoak eman nahi dizkiogu kategoria honetako neska-mutilekin ariko den monitoreari; izan ere, ilusio pixka batekin eta behar bezala orientatuz gero, jarduera benetan atsegingarria gauzatzeko modua izango du, bai beretzat eta bai taldearentzat.
Monitoreari laguntzea da gure asmoa, eta horretarako gida erabilgarri bat jarriko diogu eskura (ikus bideoa) ; jarraian proposatuko diogun ibilbidea egin beharko du monitoreak, eta adin honetako neska-mutilei egokitutako futbol irakaskuntzaren bideetan barrena ibiliko da. Hori bai, monitoreak beti izango du aukera tresna hau berak egokien irizten dion moduan eta hurrenkeran erabiltzeko. Hasieran, ordea, guk proposatutako ibilbidea jarraitzea gomendatzen diogu, edukietara ohitzen haste aldera.