Gipuzkoako Foru Aldundia

Kirolgela: Futboleko entrenamenduak

Kadeteak >> Prestakuntza arloa >> Psikologikoa



Gora doan prestakuntza arloa da hau. Orain dela urte gutxi arte alderdi psikologikoa erabat baztertuta zegoela esan daiteke, baina gaur egun talde, kirol elkarte, banako kirolari edo federazio askok arreta berezia eskaintzen diote eta bereziki zaintzen dute kirolarien alderdi psikologikoa.

Nolanahi ere, eta guri dagokigunez, testuinguru honetan, kadete kategoriako entrenatzaileak dauzkan bitartekoekin eta normalean edukitzen duen denborarekin, norbaitek pentsatuko du prestakuntza psikologikoaz hitz egitea musika zerutarraz hitz egitea dela. Hori guztia badakigu, eta horregatik azpimarratu nahi dugu, bereziki, gure asmoa entrenatzaileari jarraibide erraz batzuk ematea baino ez dela, taldeari laguntzeko baliagarri izan dakizkion.

Infantil kategorian motibazioaren kontzeptua landu ondoren, beste alderdi hau haren osagarri dela uste dugu, lotura estua baitute elkarrekin. Kontrolari buruz ari gara. Kirolariak bere emozioak kontrolatzeko eta modu positiboan lehiaketara bideratzeko daukan gaitasuna da kontrola. Gure iritziz, gai hau motibazioaren atzetik landu behar da; izan ere, motibazioa baliatzeko eta kanporatzeko modua da azken batean kontrola, zalantzarik gabe, gure neska-mutilek beren kirolean, futbolean, ari direnean daukatena.

Tratamenduari dagokionez, aurreko aroan ezarritako ildoa jarraituko dugu: erraza izan behar du, kadete mailako taldeek ulertzeko modukoa.

 

 

 

gipuzkoa.net