Gipuzkoako Foru Aldundia

Kirolgela: Futbol entrenamenduak

Kadeteak >> Prestakuntza arloa >> Taktikoa >> Atezaina

Atezaina

Atezaina bere atean jarrita baloia sartzea saihestuko duen jokalaria baino zerbait gehiago da. Zalantzarik ez dago horrek bere garrantzia duela, baina atezainak atal taktikoan ere parte hartu behar du, bere ezaugarri fisikoak eta teknikoak direnak direla. Bere kokapenak ekarriko du batzuetan azken defentsa izatea eta beste batzuetan erasoari ekingo dion lehena. Izan ere, bere eskuetatik edo oinetatik erasoko jokoa hasten delako, atezainak gauzatu ohi du defentsaren eta erasoaren arteko lotura. Beharrezkoa da atezaina taldearen egitura taktikoan buru-belarri sartuta egotea.

Hala, defentsa arloan zera nahi dugu:

  • Defentsa antolatzen zuzenki parte hartzea, berak baitu jokoaren ikuspegi zabalena.
  • Une oro taldekideak animatzea, hauei arreta eskatuz, gogor ekitea eskatuz…
  • Parte hartu behar duen unean, taldeari segurtasuna emanez egin dezala.

Erasoari dagokionez, aldiz, zera eskatuko diogu:

  • Erasoari edo kontraerasoari ekiteko jaurtiketa zehatzak egitea.
  • Beragandik hurbilen dagoenari jakinaraztea zein arrisku dauden eta ea komeni den baloi bat atzera jokatzea.
  • Egoerak hala eskatzen badu, aurreratzea: planteamendua dela-eta, emaitza eta falta den denbora dela-eta, egoera konkretu batzuk direla-eta. Horretaz ari garela, ezin ahaztu atezain batzuek behar ez diren arriskuak hartzeko duten joera, ikusleei begira batik bat eta ez taldearen mesedeari begira; jarrera horiek adin hauetan komeni da zuzentzea, izan ere atezaina batez ere atea zaintzeko baitago.

ALBOKO MARRATIK

  • Ez galdu inola ere atearen erreferentzia.
  • Atezainak du baloia eskatzeko lehentasuna area barruan dagoenean.
  • Oinaz jokatuz gero, lurretik eta areaz kanpotik, segurtasuna da lehenengo zaindu behar dena. Adib: atezainak izkin egitea salbuespeneko ekintza izango da.
  • Zenbait kasu berezitan (partidaren amaiera eta galtzen…) erasoko jokoa egiten saiatuko da (defentsa aurreratua izanik, faltetan, kornerretan…).
gipuzkoa.net