Gipuzkoako Foru Aldundia

Kirolgela: Futbol entrenamenduak

Infantilak >> Sarrera

Lantzera goazen hau kategoria aldaketak eta garapena ezaugarri dituen aroa da. Aurreko etapetan ikasitako trebetasunak garatzeko aroa da, metodologia aldetik aldaketa nabarmenak eskatzen dituena. Izan ere, dagoeneko ez gara umeekin lanean ari, orain nerabeak edukiko ditugu aurrean.

Eta zer da nerabe bat ? Lan monografiko bat egin beharko genuke nerabe bat zer den behar bezala definitzeko, eta horrek, jakina, luze joko liguke. Arestian aipatu bezala, ordea, gauza bat argi dago: nerabe bat ez da umea, ezta heldua ere; beraz, horien aldean oso bestelako tratamendua eskatzen du. Horrek eragin nabaria izango du prestakuntzaren arlo guztietan, eta entrenatzaileari ahalegin handia egitea eskatuko dio aurrean dituenekiko ulerkorra izan dadin, eta bere lana haiei egokitzen saia dadin; aldaketa handiak izaten diren aro batean baitaude neska-mutilak, eta horrek tratamendu berezia ematea eskatzen du.

Jokoan ere aldaketa nabarituko da. Neurriak, araudia, eta lehiaren arabera jokalari kopurua ere bai (8 edo 11), aldatu egingo dira, eta lehenik eta behin haietara ohitu beharko du nerabeak.

Bestalde, kirol bakarrean zentratzen hasiko dira, maila handiagoko lehia izango da beraz; eskolarteko eremua gainditzen hasiko da.

  • Proposatutako ibilbidea:
  • Adinaren ezaugarrietara hurbilpen generiko bat egin (nerabeen ezaugarriak).
  • Etapa bakoitzaren helburu nagusia eta testuinguru pedagogiko desberdinen lan edukiak bateratuko dituen ikuspegi orokorra lortu. (ikuspegi orokorra).
  • Jarraian plangintzaren gaia landuko da: alde batetik, orokorretik (macrociclo) partikularrerako (saioa) bidea landuko da, eta horretaz gainera koadro bat aurkeztuko dugu, non zehazten diren plangintza on bat egiteko entrenatzaileak gogoan izan behar dituen aldagaiak.
  • Ondoren prestakuntza-arlo desberdinetan sartuko gara: (prestakuntza-arloak) fisikoa, teknikoa, taktikoa, estrategikoa eta psikologikoa; alderdi garrantzitsuak zehaztuko ditugu eta jarduera multzo zabala proposatuko dugu, trebetasunak eta proposatutako kontzeptuak indartze aldera.
gipuzkoa.net