Gipuzkoako Foru Aldundia

Kirolgela: Futbol entrenamenduak

Infantilak >> Prestakuntza arloa >> Taktika

Baliabide teknikoak helburu zehatz bat lortzeko asmoz erabiltzeko akordioa da taktika. Definizio hori ematerakoan, laburrak eta esplizitoak izaten saiatu gara; izan ere, edozein definiziok eduki behar dituen oinarrizko ezaugarriak dira horiek. Aukera askoren artean, hitz batzuk hautatu behar izan ditugu hori gauzatzeko. Hautaketa egiteko, ordea, luzaro aritu gara eztabaidan, gogoeta filosofiko eta kontzeptualetan, nahiz eta azkenean pozik geratu garela ematen duen.

Zehaztasun filosofikoak alde batera utzi eta gure gaia, futbola talde-kirol bezala, jorratu behar dugu. Egin dugun definizioaren hitz giltzarriak aztertuko ditugu:

Akordioa.- Taktikak gainditu egiten du norberaren borondatea. Taktika egoteko, ideia bera partekatu behar dute jokalariek egoera jakin batean, nahiz eta jokalari bakoitzak bere ardurak edo bere egitekoak izan.

Baliabideak.- Talde batek duen baliabiderik garrantzitsuena jokalariak dira noski: jokalari bakoitza eta bere gaitasunak. Hortik abiatuta, talde bakoitzak lan bat gauzatuko du, ekintza zehatz batzuk aurrera eramateko, egoera bakoitzean ahalik eta etekinik handiena ateratzearren bere giza baliabideei; ezagutza taktikoa deituko diogu horri.

Helburua.- Baloiaren jabetza eduki edo ez, aldatu egingo da. Erasorako taktika abian jartzeko baloia eduki beharko dugu, eta helburua gola sartzea izango da. Aitzitik, defentsako taktikaren helburua aurkarien erasoa oztopatzea izango da, gure erasoa ahalik eta ondoen antolatzeko modua izan dezagun, ahal izanez gero.

Premisa horietatik abiatuta, infantil kategoriarako daukagun ideia taktikoa garatuko dugu, oinarrizko bi egoera taktikoen arabera: erasoa edo defentsa. Egoera bakoitzerako irizpide taktikorik garrantzitsuenak hautatu eta garapen koadroan jaso ditugu.


 

gipuzkoa.net