Kirolariaren prestakuntza osoaren zati bat da prestakuntza fisikoa. Etapa honetatik aurrera, gainerako prestakuntza arloetatik aparteko tratamendua eman eta jarraipen berezia egin behar zaio. Jokalaria oraindik egiten ari den aro honetan behar bezalako prestakuntza fisikoa jasotzen badu, oso lagungarri izango zaio kirolari eta jokalari izateko garapenean.
Infantil neska-mutilen prestakuntza fisikoak, gainerako kategorietakoak bezala, lanean jardungo dugun giza taldeari egokitua behar du izan. Talde guztiak izaten dira neurri batean heterogeneo samarrak, eta 12tik 14 urtera bitarteko neska-mutilen artean oraindik eta zailagoa izaten da orokortzea, pubertaroan sarturik baitaude bete-betean; alde handiak egon ohi dira garapenean batzuen eta besteen artean (nesken eta mutilen artean, esate baterako; izan ere, nesken garapen biologikoa lehenago gauzatzen da mutilena baino). Nolanahi ere, eta prestakuntza fisikoari dagokionez, ziklo osorako balioko duten printzipio orokor batzuk aurkezteko modua badaukagu.
Ezinbesteako da mediku azterketa bat egitea, neska edo mutila inolako arazorik gabe kirola egiteko gai dela ziurtatze aldera. Prestakuntza fisikoaren aldetik begiratuta, nondik, zer mailatatik, abiatzen garen jakiteko balioko digu mediku azterketak, eta laguntza handia izango da hori guretzat programa prestatzerakoan eta kirolari bakoitzaren progresioa ebaluatzerakoan. Begien bistakoa dirudien arren, ezin dugu aipatu gabe utzi mediku azterketak lizentzia ateratzeko tramite hutsa baino zerbait gehiago direla, eta kirol medikuntzan espezializatutako profesionalek egin behar dituztela. Proben konplexutasun mailaren arabera, hainbat azterketa mota daude, eta jakina, prezioak ere aldatu egiten dira batzuetatik besteetara. Dena dela, patologiaren bat egon baliteke, arlo honetan dirua gastatzeko beldurrez ez ibiltzea gomendatzen dugu. Orientabide modura, hona hemen gure ustez mediku azterketa oinarrizko batek izan behar dituen atalak: antropometria, geldirik egonda elektrokardiograma, espirometria, oskultazioa eta historia klinikoa.