Gipuzkoako Foru Aldundia

Kirolgela: Futbol entrenamenduak

Infantilak >> Prestakuntza arloa >> Atezaina

Atezaina

Atean baloia sar dadin eragozteko atepean jartzen den jokalaria baino zerbait gehiago da atezaina. Lan garrantzitsua da hori, zalantzarik gabe, baina bere gaitasun tekniko eta fisikoez gainera, alderdi taktikoan ere parte hartu behar du. Bere kokapena dela medio, askotan azken atzelaria izango da eta beste askotan lehen aurrelaria. Izan ere, berak kontrolatzen ditu defentsatik erasorako trantsiziorik gehienak, haren eskuetan edo oinetan hasten baitira jokaldi asko eta asko. Beraz, garrantzitsua da atezaina taldearen egitura taktikoan sartzea.

Defentsan honakoak lortu nahi ditugu:

  • Defentsa antolatzen laguntzea, bera baita ikuspunturik onena duen jokalaria.
  • Lagunei etengabe adore ematea, arreta, intentsitatea..., eskatzea,
  • Esku hartzea tokatzen zaionean segurtasuna ematea taldeari.

Erasoan, aldiz, ondokoak eskatuko dizkiogu:

  • Kontraerasoa edo erasoa hasteko jaurtiketa zehatzak egin behar ditu.
  • Baloia atzerantz jokatzea komeni den edo arriskutsua den jakinarazi behar die beregandik hurbilen dauzkan jokalariei.
  • Aurrera egin behar du egoerak hala eskatzean: planteamenduak, emaitzak edo geratzen den denborak eskatuta, baina egoera zehatzetan. Honi buruz, aipatu beharra dago atezain batzuek joera izaten dutela alferrikako arriskuak hartzeko. Halakoak gehiago izaten dira ikusleriari begira egindakoak taldearen mesedetan egindakoak baino, eta adin hauetan zuzendu behar dira; izan ere, eta erasoan egin ditzakeen ekarpenak ekarpen, atezaina ororen gainetik atezaina da.

HEGALETIK

  • Inola ere ez galdu atearekiko erreferentzia.
  • Atezainak beti lehentasuna du area barruan baloia eskatzerakoan.
  • Lurrean baloia jokatzean, batez ere atetik kanpo dagoenean, segurtasunak izango du lehentasuna. Adib.: Salbuespen kasuetan besterik ez du egingo atezainak dribling bat.
  • Une berezietan (galtzen joan eta partida amaitzear badago...) betiere erasoan lagundu egingo du, baina betiere zentzuz jokatuz (atzelari aurreratu gisa, falta-sakeak, kornerrak...)
gipuzkoa.net