Jokalarien portaerak egoki estimulatzeko nola jokatu behar dugun ikusten saiatuko gara. Zalantzarik gabe, pase laburrak eginez jokatzea, hau da, etengabe parte hartuz eta elkarri etengabe lagunduz jokatzea, oro har, askoz ere onuragarriagoa da joko zuzeneko estiloak baliatzea baino. Jokalariek jokoan gehiago hartzen dute parte, eta hartara trebetasun eta printzipio gehiago balia daitezke. Entrenamenduko planak bat etorri behar du partidako helburuekin.
Postuak aldatzea edo txandakatzea da eztabaidatu beharreko beste puntu bat. Gure iritziz, erabaki bakoitza lantzen ari garen etapari egokitzeko ideiaren harira, benjaminetan, alebinetan eta infantiletan jokalari guztiak berdin tratatzen saiatzeaz gainera, jokalariak postuz aldatzea ere komenigarria da; alde batetik, esperientzia pilatzen joateko eta bestetik jokalariak egoera eta arazo berrien aurrean probatzeko. Infantil kategoriako azken urtetik eta kadete kategoriako lehen urtetik aurrera, jokalariaren gaitasunak aintzat hartuta egin behar dira postu aldaketak; alegia, jokalariaren postuak zehazten eta mugatzen joan behar dugu. Erdiko erdilari postuan ondo moldatzen den jokalaria- lekualdatzeetan motel samarra baina baloia pasatzen eta jokoa antolatzen bikaina- nezkez ariko da ondo eskuin hegaleko aurrelari postuan. Postuak ezaugarri komunen arabera multzokatzeak aukera ematen du jokalariak gehienez ere bi edo hiru postutan ikusteko, kadete kategoriatik aurrera.
Kirol elkarte, ikastetxe edo futbol eskola bateko behe mailako taldeen joko sistemak ere eztabaidak eta gogoetak eragin ohi ditu “adituen” artean. Gure ustez, marrazki taktikoak ez dauka garrantzi handirik, baina egia da sistemaren arabera jokalari batzuei protagonismo handiagoa emango diegula. Funtsean garrantzitsua da helduetan puri-purian dauden joko sistemetara, 1-4-2-3-1 sistemaren antzekoetara, ez jotzea edo haietara ez mugatzea. Jokalariak bata bestearengandik hurbilago zein sistemarekin egongo diren aztertu behar dugu, eta egitekoak zuzen banatu behar ditugu. 11ko futbolean sistemarik erabilienak edo onartuenak 1-3-4-3, 1-4-3-3 eta 1-4-4-2 dira. Esate baterako, 1-3-5-2 sistemak zuzeneko eragina du hegaletako jokalarien jokoan, espazio handia hartzea eskatzen baitu, eta beraz, egiteko desegokia eskatzen ari gintezke umeari bere adinerako (Pintor eta Fradua 1996). Ildo horretan, zonakako defentsa, presioa, jokoz kanpokoa eginez jokatzea eta halakoak egiten saia liteke entrenatzailea, baina horiek helduen jokoaren imitazioa dira. Gure gogoeta zera izan behar du: jokalari hasiberria lehiako partida batean halako ardurak hartzeko prest ote dagoen galdetzea geure buruari. Seguruenik, oraindik ez du buruz buruko markaketa edo markaketa mistoa menderatuko, ezingo du partida osoa presioa egiten eman, edo jokoz kanpokoak sorraraz ditzan eskatzea gehiegizkoa izan liteke.
Formazio aroetako entrenatzailearen erabakirik zailenetako bat neska-mutilei honakoa azaltzeko irizpideak eta prozedura hautatzea izango da: askatasunaren kontzeptua beren ekintzetan, baina betiere taldearen antolaeraren menpean (Fradua 2005).
| Lehia formatuaren arabera (eta taldearen mailaren arabera) bereizi beharko genituzke joko sistemak | ||
| 11ko futbola | 7-8ko futbola | 5eko futbola |
| Jokalarien adina aintzat hartu behar dugu eta haien gaitasunak zein diren jakin behar dugu sistemak egokitzearen bidez. Hortik aurrera futbolariaren jokoa aberasten saiatuko gara bere joko-zonan aldagaiak sartuz, sistemetan aldaketak eginda (2 aurrelari, aurrelari 1, erdilari aurreatua, erdiko pibota, 3-4ko defentsa,…), eta jokalariak txandakatuz beren postuetan, zeharka eta luzetara (jokalari bat aurretik atzera edo alderantziz, edo barrualdetik kanpoaldera eta alderantziz). |