Gaur egun, alebinen kategorian 10 eta 12 urte arteko haurrek parte
hartu ohi dute, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek hain zuzen.
Benjaminen aldiarekin alderatuz, jarduera fisikoari dagokionez, ikasle
gehienek kirol ezberdinekin harremana izan dute, hau da, modu jarraian
gidatutako entrenamendu saioetan eta estandarizatutako lehiaketetan
parte hartzeaz gain, oinarrizko joko-arauen berri ere badute.
ikus bideoa
Eskupilotako begiraleen jardunak garrantzia izugarria du aldi honetan, ikasleen joko aberastasuna lortzeko aldi erabakigarrietako bat baita. Besteak beste, pilotaren kolpearen bidez espazioa modu anitzean erabiltzeko (frontiseko zein kantxako gune ezberdinak erabiliz eta espazioan kokatzeko modu ezberdinak ezagutuz) eta denbora kontzeptua (pilotara jartzeko denbora murriztuz eta kolpeen erritmoa moldatuz) lantzeko aldia izango da.
Irakasten hasi baino lehen, gomendagarria litzateke alebin mailakoen hezitzaile izan behar dutenek aldi honetako ikasleen ezaugarriak, jorratu beharreko helburuak eta landu daitezkeen edukiak kontuan izatea.
Alebin mailako ikasleen eskupilotako irakaslea izanez gero, ondoren zehaztutako ibilbidea jarraitzea gomendatzen dugu. Atal bakoitzean kontzeptu eta alderdi ezberdinak jorratuko dira. Adierazitako ordenak irakaskuntzaren zio nagusiak modu egokiagoan ulertzen eta beraz, gauzatzen lagun dezakeelakoan gaude. Hala ere, azaleko irakurketa edo gain-begirada egin ostean, hezitzaileak berak aukeratu ahal izango du alderdien ordena eta zertan gehiago sakondu.
