Gaur egun, benjaminen kategorian 8 eta 10 urte arteko haurrek parte hartu ohi dute, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek hain zuzen. Jarduera fisikoari dagokionez, ikasle gehienen kasuan, kirol ezberdinekin harremana izango duten lehenengo aldia da, hau da, modu jarraian gidatutako entrenamendu saioetan eta estandarizatutako lehiaketetan parte hartzen hasiko dira. ikus bideoa
Prozesu berri hau modu egokian bideratzeko, eskupilotako begiraleen jardunak berebiziko garrantzia izango du, ikasleen ikaskuntzan oso modu positiboan lagun dezakeelarik. Gure helburu nagusia hezitzaile izango diren pertsona hauei guztiei gomendioak eta oinarrizko laguntza eskaintzea izango da, besteak beste, dituzten ikasleen jokoa ezagutzeko irizpideak emanez, benjaminen aldiko helburu eta eduki nagusiak zehaztuz eta irakasterakoan kontuan izan beharreko alderdien berri emanez.
Adin honetako ikasleen eskupilotako irakaslea izanez gero, ondoren zehaztutako ibilbidea jarraitzea gomendatzen dugu. Atal bakoitzean kontzeptu eta alderdi ezberdinak jorratuko dira. Adierazitako ordenak irakaskuntzaren zio nagusiak modu egokiagoan ulertzen eta beraz, gauzatzen lagun dezakeelakoan gaude. Hala ere, azaleko irakurketa edo gain-begirada egin ostean, hezitzaileak berak aukeratu ahal izango du alderdien ordena eta zertan gehiago sakondu.
