Gaur egun, kadeteen kategorian 14 eta 16 urte arteko haurrek parte hartu ohi dute, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoek hain zuzen. Infantil aldiarekin alderatuz, jarduera fisikoari dagokionez, ikasle gehienek kirol batean edo gehienez bitan parte hartzen dute. Kirol espezializazioa handiagoa da, kasu honetan, ikasleek eskupilotako jokamoldeen alderdi ezberdinekin duten erlazioa estuagoa izango da.
Eskupilotako begiraleen jardunak, aurreko aldian gertatu moduan, berebiziko garrantzia izango du eta ikasleen partehartzea bultzatzeko egoerak proposatzea izan daiteke hezitzaile hauen zeregin nagusiena. Kadete mailako ikasleen joko-mailari erreparatuz gero, bakarkako dueluetan jardun dutela jakinda, eskupilotako binakako jokamoldeen errealitatetik gertu dauden jarduerak landu behar dira, betiere, joko-egoera anitzak proposatuz. Besteak beste, aurreko aldietan landu diren pilotaren kolpea, espazioaren erabilera eta denbora kontzeptua oposizio egoeran (bakarkako norgehiagokan) lantzeaz gain, taldekide batekin edo gehiagorekin kolaboratu eta beste bikote/talde baten aurka modu ezberdinetan jarduteko aldia izango da.
Irakasten hasi baino lehen, gomendagarria litzateke kadete mailakoen hezitzaile izan behar dutenek aldi honetako ikasleen ezaugarriak, jorratu beharreko helburuak eta landu daitezkeen edukiak kontuan izatea.
Kadete mailako ikasleen eskupilotako irakaslea izanez gero, ondoren zehaztutako ibilbidea jarraitzea gomendatzen dugu. Atal bakoitzean kontzeptu eta alderdi ezberdinak jorratuko dira. Adierazitako ordenak irakaskuntzaren zio nagusiak modu egokiagoan ulertzen eta beraz, gauzatzen lagun dezakeelakoan gaude. Hala ere, azaleko irakurketa edo gain-begirada egin ostean, hezitzaileak berak aukeratu ahal izango du alderdien ordena eta zertan gehiago sakondu.
