Nahi izanez gero, "Eskupilotaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesua" pdf bertsioan eskura dezakezu:
pdf dokumentuaMunduan zehar pilota joko askorekin gertatu den moduan, Euskal Pilotak ere berebiziko garapena jasan du azken hamarkadetan, kirol egitura izan arte. Bilakaera azkar honek hainbat behar sortu ditu gizartean, besteak beste, material berrien erabilera eta estandarizazioa, erakunde berrien sorrera, joko-araudien finkatzea, txapelketen egituratzea eta bereziki, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren irizpideak zehaztea. Azken hau izango da gure xede nagusia, Euskal Pilotaren ikaskuntza-irakaskuntzaren alderdien birtualizazioa, hots, zehazki eskupilotako jokamoldeena.
Gaurdaino, eskola adineko ikasleekin lan egiten duten begiraleek ez dute eskupilota irakasteko laguntza didaktiko handirik izan, eta ondorioz, bakoitzak duen esperientziaren edo intuizioaren arabera jardun du. Birtualizazio honen bidez, eskupilotaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesuko irizpide nagusiak bateratzeaz gain, begiraleen sormena eta motibazioa kitzikatu nahi dira.
Eskuz jokatzea, pilotari zartako handiak ematea baino zerbait gehiago da eta aukera izugarriak eskaintzen ditu ikasleak formatu eta hezteko: pilota batek jolasteko eta jokatzeko ematen dituen aukerak deskubritu, esperimentatu eta esplotatu (ni eta pilota); pilota hormaren kontra joz, erritmo ezberdinetan espazioko edozein gunetara botatzen ikasi (ni, pilota eta espazioa); jokoan aurkari bat badela ohartu eta honen arabera oposizioa egiten ikasi (ni, pilota, espazioa eta aurkaria); eta kide batekin edo batzuekin jokoa konpartituz, hau da kolaboratuz, aurkako taldearekin oposizioa garatzen ikasi (ni, pilota, espazioa, kidea/k eta aurkariak).
Eskupilotako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren birtualizazioa eskola kirolean dabiltzan ikasleei zuzendua dago, hau da, benjamina, alebina, infantila eta kadetea mailetarako aproposa delakoan gaude. Hala ere, hezteko tresna hau modu egokian erabiltzeko, adin kronologikoari baino, ikasleek duten joko-mailari erreparatzea gomendagarriagoa dela iruditzen zaigu. Ikasle bakoitzak dituen joko-ezaugarrien araberako irakaskuntza jaso beharko luke eta horretarako, ezinbestekoa da hasi baino lehen berauen jokoa ebaluatzea.
Era berean, ikasle hauekin lan egingo duten hezitzaile guztientzako gida modukoa da. Eskupilotan jokatzen irakasteko, eskupilotarekin ongi pasatzeko, eta batez ere, eskupilotan jardunez ikasleak hezteko tresna baliagarria izango delakoan gaude. Maila bakoitzean landuko diren alderdiak ezberdinak izan arren, oinarrizko egitura antzerakoa da, ondorengo atalak nabarmendu daitezkeelarik:
Tresna honek eskaintzen dituen baliabide interesgarrien artean, teknikariek beraien entrenamendu saioak sortzeko aukera nabarmendu behar da. Begiraleak, dituen ikasleen joko-maila (ezaugarriak) ezagutu eta berauentzako helburuak finkatu ondoren, edukiak zehaztu eta ariketak hautatuz, saio ezberdinak osatzeko aukera izango du (birtualizazioan aurki ditzakeen jarduerak erabiliz edo berak sortutakoekin konbinatuz)
Birtualizazioaren sortzaile eta eragileei gagozkiela, hainbat erakundek elkarlanean abiatutako proiektua izan da: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa, Ikastolen Elkarteko Xiba taldea, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzua. Erakunde horiek ezinbestekotzat jo dute eskupilota sustatzeko eta hastapeneko alderdiak zabaltzeko birtualizazio honen beharra. Halaber, eskerrak eman nahi genizkieke lan hau gauzatzen lagundu diguten guztiei: oro har, Gipuzkoako Euskal Pilotako elkarteei, eskupilotako begirale edo teknikariei, pilotariei zein zaleei eta bereziki, bere esperientzia handian oinarritutako gomendio interesgarriak eskainiz lan eskerga egin duen Bolitxeri.
Finean, egunerokoan Euskal Pilotaren inguruan dabiltzan pertsonen
eskuetan dago etorkizuna, hots, begiraleen edo teknikarien, elkarteetako
zein ikastetxeetako arduradunen, gurasoen zein herritarren ardurapean.
Ea denon artean, bakoitzak bere zereginak ongi gauzatuz eta modu konstruktiboan
ekarpenen bidez elkar lagunduz, eskupilotaren kalitatezko irakaskuntza
bermatzen dugun.
