Gaur egun, infantilen kategorian 12 eta 14 urte arteko haurrek parte hartu ohi dute, Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek hain zuzen. Alebin aldiarekin alderatuz, jarduera fisikoari dagokionez, ikasle gehienek kirol desberdinetan parte hartzen dute, pixkanaka-pixkanaka jarduera batzuekiko lotura handiagoa delarik.
Eskupilotako begiraleen jardunak, aurreko aldietan gertatu moduan, berebiziko garrantzia izango du. Baina aldi honetatik aurrera, bereziki, ikasleen partehartzea bultzatzeko egoerak proposatzea izan daiteke hezitzaile hauen zeregin nagusiena. Hau da, infantil mailako ikasleen joko-mailari erreparatuz gero, autonomia izugarria dutela jakinez, eskupilotako bakarkako jokamoldeen errealitatetik gertu dauden jarduerak landu behar dira, hots, joko-egoera anitzak proposatuz. Besteak beste, aurreko aldietan landu diren pilotaren kolpea, espazioaren erabilera eta denbora kontzeptua oposizio egoeran (bakarkako norgehiagokan) lantzeko aldia izango da.
Irakasten hasi baino lehen, gomendagarria litzateke infantil mailakoen hezitzaile izan behar dutenek aldi honetako ikasleen ezaugarriak, jorratu beharreko helburuak eta landu daitezkeen edukiak kontuan izatea.
Infantilen mailako ikasleen eskupilotako irakaslea izanez gero, ondoren zehaztutako ibilbidea jarraitzea gomendatzen dugu. Atal bakoitzean kontzeptu eta alderdi ezberdinak jorratuko dira. Adierazitako ordenak irakaskuntzaren zio nagusiak modu egokiagoan ulertzen eta beraz, gauzatzen lagun dezakeelakoan gaude. Hala ere, azaleko irakurketa edo gain-begirada egin ostean, hezitzaileak berak aukeratu ahal izango du alderdien ordena eta zertan gehiago sakondu .
