Metodologia, askotan erabili ohi den hitz potoloa da, baina zehazki praktikan nola jarri ez dakiguna. Jostunaren adibidearekin, ordea, ulerterrazagoa da. Jostun batek traje bat egin aurretik, trajearen zati guztiak prestatzen ditu; hala nola, mahukak, aurreko aldea, bizkarraldea, hanka bakoitzeko zatiak,… Ondoren, haria erabiliz, zati guztiak txukun-txukun elkarren artean josi eta trajea osatzen du.
Jostunak trajea egiteko haria erabiltzen duen bezala, pilotako begiraleok pilotan jolasten eta jokatzen irakasteko metodologia erabiliko dugu. Lan honek dituen zati guztiak logikaz, koherentziaz eta modu ordenatuan lotu behar dira. A zer lardaskeria litzatekeen jostun batek mahuka bat prakaren hanka baten ordez josiko balu! Beraz, jostunak bere lana ordenarekin egin behar duen bezala, eskupilotako irakaspena ere metodo edo modu ordenatu batean gauzatu behar da.