Eskupilotako ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan, ordena hori jarraitzeko asmoz, bi irizpide metodologiko nagusi hartu behar dira kontuan. Alde batetik, saioaren antolaketaren inguruko elementuak zeintzuk diren argi eduki behar da, eta bestetik, elementu hauen erabilera zehaztuko duten irakaskuntza estilo ezberdinak ezagutu behar dira. Honela, bi irizpide horiek era logikoan bat eginez, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren metodologia zehaztu ahal izango dugu. Jostunaren adibidearekin jarraituz, trajearen zatiak elkarren artean josteko, hari mota asko egongo dira, baina zatien koloreak kontuan hartuz, konbinaketa egokia egingo duen haria aukeratu ahal izango dugu.